Rehabilitación

Bost galdera esklerosi anizkoitzaren eta funtzio kognitiboen gainean

Publicado por EM Euskadi | | Visto 2678 veces

Kognizioaren fisiologia EAn 1. Zer dira funtzio kognitiboak? Funtzio kognitiboetan gaitasun hauek sartzen dira: Arreta jartzea, arretari eustea eta arreta banatzea. Gauzak ikastea eta gogoratzea. Jarduerak antolatzea, egitea eta monitorizatzea. […]

Kognizioaren fisiologia EAn

Fisiología de la Cognición en la EM

1. Zer dira funtzio kognitiboak?

Funtzio kognitiboetan gaitasun hauek sartzen dira:

  • Arreta jartzea, arretari eustea eta arreta banatzea.
  • Gauzak ikastea eta gogoratzea.
  • Jarduerak antolatzea, egitea eta monitorizatzea.
  • Pentsatzea, arrazoitzea eta arazoak konpontzea.
  • Hizkuntza ulertzea eta erabiltzea.
  • Objektuak ezagutzea, gauzak lotzea eta distantziak antzematea.

Gaitasun horiek bakoitzak bere erara garatzen ditu, desberdin, eta guztiok dauzkagu gure indar eta ahultasun kognitiboak.

Kognizioari etekina ateratzeko ezinbestekoa da garunaren eta neurona-sarearen funtzionamendua eraginkorra izatea. Funtzionamendu kognitibo osoa oro har modu hobezinean funtzionatzen duten gaitasun kognitibo espezifikoen sare konplexu baten emaitza da. Hainbat faktorek, depresioak, estresak eta nekeak, adibidez, sarearen funtzionamendua kaltetu dezakete eta aldi baterako zailtasun kognitiboak eragin ditzakete. Oso nekatuta bagaude, litekeena da oroimenak eta kontzentrazioak behar bezala ez funtzionatzea. Kognizioan eragina duen neke hori, edo beste edozein faktore, desagertzen denean, errendimendu kognitiboa bere onera bueltatzen da. Normal zahartuz gero, errendimendu kognitiboa 70 urte baino lehen hasten da aldatzen, pixkanaka, baina aldaketa horiek normalean ez dute eguneroko funtzionamendua kaltetzen.

2. Zer gertatzen da EAn?

Esklerosi anizkoitzean, desmielinizazioak eragindako lesioak (edo plakak) nerbio-sistema zentralean (NSZ), ornomuinean, garunean edo/eta zerebeloan sortzen dira. Garuneko lesioek neurona-sareak funtzio kognitiboak eraginkorki gauzatzeko daukan ahalmena kaltetu dezakete, bereziki, eta horrek eragin dezake, esate batera, kognizioa ezinbestekoa duten jarduerak motelago eta nekezago egitea, adibidez: oroimena berreskuratzea, zeregin batean arreta jartzea eta egitekoak antolatzea.

Azterlan batzuen arabera, EA lesio gehiago dauzkatenek gutxiago dauzkatenek baino arazo kognitibo gehiago izaten dituzte. Garunaren atrofiaren, garuneko hirugarren bentrikuluaren zabaleraren eta atrofia azpikortikalaren zenbaterainokoak EAko urritasun kognitiboarekin zerikusia duela dirudi. Badirudi EA duten pertsonek ataza kognitibo bat egiten dutenean garunean sakabanatuago dauden zonak aktibatzen direla. Hori urritasun kognitiboaren eraginak justifikatzeko oreka-mekanismo gisa interpretatu dute.

3. Urritasun kognitiboa ohikoa al da EAn?

Arazo kognitiboak nahiko ohikoak dira EAn: gaixoen %40-70ak arazo kognitiboak dauzka (emakumezkoen eta gizonezkoen artean ez dago alde handirik). Zenbatespenen arabera, gaixoen %40-50ak asaldura arin edo neurritsuak dauzka, eta %10ak urritasun kognitibo larriagoa.

Arazo kognitiboak nahiko ohikoak dira EAn: gaixoen %40-70ak arazo kognitiboak dauzka .EAko beste sintoma batzuk bezalaxe, gaixo guztiek ez dauzkate arazo kognitibo berak. Gaixotasunaren bereizgarrietako bat da NSZko gai zuri eta grisa aldatu egiten direla, baina, hala ere, ez da ohikoa funtzionamendu kognitibo orokorra asko gutxitzea (dementzia).

EAko ohiko urritasun kognitiboek honako hauekin dute zerikusia: oroimena eta ikaskuntza, informazioa prozesatzea, arreta eta kontzentrazio konplexua eta egikaritze-funtzioak (arazoak konpontzea, planifikatzea, egikaritzea eta ebaluatzea). EA duten gaixo askok arazo horietako bat edo bi izan ditzakete, eta beste batzuk batere ez.

Oroimen-arazo ohikoenak informazioaren aurren-aurreneko ikaskuntzarekin dauka zerikusia, lehenbiziko pauso hori nekezago ematen baitute. Gerta daiteke EA dutenek informazioa gogoan hartzeko behin baino gehiagotan entzun behar izatea; behin gogoan hartutakoan, ordea, normal oroitzen eta ezagutzen dute.

Informazioa eraginkorki prozesatzeak informazioa tarte txiki batean garunean edukitzeko eta erabiltzeko gaitasunarekin (lanerako oroimenarekin) eta pertsona baten informazio hori prozesatzeko abiadurarekin (prozesatze-abiadurarekin) dauka zerikusia. EAko arazo kognitibo ohikoena prozesatze-abiadura hori gutxitzea da.

Oinarrizko arreta (adibidez: zenbakiak errepikatzeko abilezia) normalean ez da kaltetzen, arretari eusteko eta arreta banatzeko gaitasuna, berriz, bai. Gaixoek nekez eusten diote arretari denbora luzez, eta nekez gogoratzen dute zer egiten ari ziren, ekintza hori etenez gero. EA duen jendearentzat zaila da, baita ere, aldi berean gauza bat baino gehiago egitea edo, hondo-zaratarik egonez gero (telebista piztuta badago, adibidez), elkarrizketan aritzea.

Denbora luzean arreta zerbaitetan jartzen badute, askok diote burua nekatzen zaiela. Dena den, nekea sentitzeak ez dauka zerikusirik errendimendu kognitiboaren okertzearekin; alde horretatik, neke kognitiboaren maiztasuna zehatz-mehatz zein den oraindik ez dakigu.

Gaixo batzuk egikaritze-funtzioekin dauzkate zailtasunak, batez ere planak egiteko eta arazoak konpontzeko. Normalean badakite zer egin behar duten, baina ez nondik hasi behar duten, eta kosta egiten zaie helburu bat lortzeko zer pauso eman behar dituzten zehaztea. Halaber, hasierako plana aldatzen bada edo gogaikarria bihurtzen bada, nekez antolatzen dituzte egin beharreko aldaketak.

Gerta daiteke, bestalde, hitz egokia aurkitzeko zailtasunak edukitzea; kasu horietan, gaixoek maiz esaten dute “mihiaren puntan daukat” delako hori. Hitza ezagutzen dute, baina ez dira gai zer hitz den asmatzeko. EAk beste arazo kognitibo mota batzuekin zerikusia ere izan dezake, baita portaera-aldaketekin ere, askotan. Dena den, hizkuntza-urritasuna, arreta edo pertzepzio bisual soila eta portaera-aldaketak ez dira hain ohikoak.

factores_funcionamiento_cognitivo

4. Urritasun kognitiboa aurreikusi al daiteke?

Urritasun kognitiboa ezin da aurreikusi gaixotasunaren gainerako sintomak oinarri hartuta. Ez dirudi arazo kognitiboek lotura argirik dutenik gaixotasunaren iraupenarekin, larritasunarekin edo gaixotasun motarekin, adibidez. Urritasun kognitiboa ager daiteke hasierako faseetan zein gerora, minusbaliotasun arina zein larria bada, eta EA azpimota guztietan.

Dirudienez, ekintza kognitiboek EA duen jendea arazo kognitiboetatik babes dezakete. Duela gutxiko azterlan baten arabera, hezkuntza-jarduerek eta irakurtzeko gaitasunak urritasun kognitibotik babes gaitzakete. Beraz, ezinbestekoa da gaixoek gaitasun kognitiboak erabiltzea, irakurtzen eta hezten jarraitzeko, arlo sozialean aktibo izateari ez uztea, bizimodu osasungarria izatea eta ariketa fisikoak egitea.

5. Arazo kognitiboak iraunkorrak al dira beti?

Garuneko lesioek arazo kognitibo iraunkorrak eragin ditzakete; beste faktore batzuk, ordea, kognizioa aldi baterako oztopatu edo kaltetu dezakete. Faktore horiek dira, besteak beste, nekea, estres emozionala, berriz gaixotzea, murrizketa fisikoak, botikak eta bizimodu-aldaketak.

Gaixotasun kroniko, progresibo eta aurreikusezina edukitzeak gogo-aldarteari eragiten dio. Gaixoak deprimituta edo lur jota badaude, oroitzea kostatzen zaie eta arreta arazoak izan ditzakete. Zailtasun horiek, ordea, ez dira betiko izaten.

EA duen jende askok nekaldietan izaten dituzte arazo kognitiboak. Azterlan berrietan frogatu dute nekaldietan errendimendu kognitiboa motelagoa edo zehaztugabeagoa izan daitezkeela. Berriz gaixotuz gero ere urritasun kognitiboak eduki daitezke, aldi baterako. Sintoma fisikoak bezalaxe, arazo kognitiboak gaixotasunaren hantura aktiboko faseetan bakarrik edukitzea gerta daiteke.

Artikulu hau Multiple Sclerosis International Federation erakundearen MS in Focus aldizkarian argitaratu zen 2013ko uztailean. Päivi Hämäläinen, Maskuko Birgaitze Neurologikoko Zentroa (Masku, Finlandia).

VIDEOS DE YOUTUBE
Ir al canal de youtube »