Sin categoría
Esklerosi Anizkoitzan gai kognitiboak tratatzea
Gaur egun ez dago EAri lotutako urritasun kognitiborako behin betiko tratamendu farmakologiko edo ez farmakologiko eraginkorrik. Herrialde askotan EA tratatzeko onartu dituzten gaixotasuna aldatzeko tratamenduek (ingelesez DMT) (interferon b-1a eta […]
Gaur egun ez dago EAri lotutako urritasun kognitiborako behin betiko tratamendu farmakologiko edo ez farmakologiko eraginkorrik.
Herrialde askotan EA tratatzeko onartu dituzten gaixotasuna aldatzeko tratamenduek (ingelesez DMT) (interferon b-1a eta b-1b, glatiramer azetatoa, mitoxantrona, natalizumab, teriflunomida eta fingolimod) berriz gaixotzeko tasak gutxitu ditzakete eta, batzuetan, baita minusbaliotasunaren bilakaera moteldu eta MEI parametroak hobetu ere. Botika horiek eragin positiboa izan dezakete, epe luzera, EA duten gaixoen emaitza kognitiboan: garuneko hanturari, lesioaren kargari eta garuneko atrofiaren bilakaerari eusten diote. Botika horietako batzuk, gainera, neurobabesleak izan daitezke, hainbat mekanismoren bitartez.
Ordea, DMTri buruzko oinarrizko entsegu kliniko gehienetan ez dituzte balorazio kognitiboko irizpideak erabili, ezta bigarren edo hirugarren mailako irizpide gisa ere. Beraz, ez da zehaztu botika horiek kognizioan zer eragin duten. Egindako proba nagusien arabera, DMTak errendimendu kognitiborako mesedegarriak izan daitezke eta tratamendu goiztiarrek funtzio kognitiboari eusteko edo disfuntzio kognitiboa atzeratzeko balio dezakete.
Gero eta gehiagok uste dute etorkizunean ebaluazio kognitibo sistematikoa sartu behar dela entseguetan, DMTek kognizioan zer eragin duten eta azpian zer mekanismo psikopatologiko dauden argitzeko.
Tratamendu sintomatikoak
Tratamendu sintomatikoei buruzko azterlanek ez dute EAko urritasun kognitiboa tratatzeko emaitza onik eman. Tratamendu horietan erabiltzen dira nekearen kontrako botikak (amantadina, potasioaren kanalaren blokeatzaileak eta modafiniloa), Alzheimerraren kontrakoak (donepeziloa, memantina eta rivastigmina) eta psikoestimulatzaileak (anfetamina eta metilfenidatoa, adibidez). Hala ere, arlo horretan interesa piztu da eta botika sintomatikoei eta botika horien erabilerei buruzko azterlan zabalagoak prestatzen ari dira.
Errehabilitazio kognitiboa
Errehabilitazio kognitiboa birziklatze kognitiboaren ikuspegi ez farmakologikoa da; helburua da funtzio kognitiboa praktikaren, ariketen eta orekatze- eta moldatze-estrategien bitartez hobetzea eta geratzen den funtzio kognitiboa maximizatzea.
Esku-hartze farmakologikoek ez bezala, errehabilitazio kognitiboak abantaila bat dauka: ez du albo-ondoriorik.
Errehabilitazio kognitiboa oso onuragarria izan daiteke EA duen jendearentzat, nahiz eta arlo horretako azterlanak mugatuak diren eta ez dagoen ikuspegi eta estrategia hoberenei buruzko behin betiko ondoriorik. Gaur egun, proba batzuetan psikologia kognitiboan ikaskuntza eta oroimena hobetzeko dauden estrategiak erabiltzen dituzte, baita egikaritze-funtzioetan eta arretan oinarritutako prestakuntza-programak ere, neurri txikiagoan.
Atariko probetan ikusi da ariketa aerobikoak (jogginga edo igeriketa, adibidez) errendimendu kognitiborako eta portaera kontrolatzeko mesedegarriak izan daitezkeela eta, horrez gain, errendimendu fisikoa hobetzen dutela. Errehabilitazio kognitiboa, errehabilitazio fisikoa eta terapia farmakologikoa uztartzea eta horren gaineko ikerketa sakon bat egitea oso interesgarria izan daiteke.
Kognizioan eragina izan dezaketen EAren beste sintoma batzuk
Depresioak eta nekeak arazo kognitiboak larritu ditzakete, 12. orrialdean esan bezala. Beraz, depresioa eta nekea egoki kudeatzeak (botiken bitartez edo beste era batera), arazo kognitiboak konpontzen lagun dezake.
Estrategia farmakologikoak alde batera utzita, terapia kognitibo-konduktuala (ikusi beherago) tratamendu eraginkorra da, eta depresio- eta neke-nahasteetan erabiltzea gomendatzen zaie edozein adineko helduei eta, bereziki, botikak onartzen ez dituztenei edo hartzeko zalantzak dituztenei.
Ohiko arazo kognitiboak dituztenentzako aholkuak
Web-orri honetan daude argitaratuta (27. orrialdean aipatu dugu): www.stayingsmart.org.uk (UK MS Trust erakundeak administratzen du)
- Gauza bakoitzari (betaurrekoei, kotxeko giltzei…) bere lekua ematea eta gauza horiek dagozkien lekuetan jartzea beti.
- Hitzen bat mihiaren puntan baduzu baina ez bazaizu gogora etortzen, ez urduritu, ez beldurtu. Estresak hitz hori oroitzea oztopa diezazuke. Gauza bera esateko beste hitz bat edo hitz bat baino gehiago erabil ditzakezu, ahal bada. Pertsona- edo leku-izena bada eta ezin bada ordezkatu, “gero esango dizut” esan dezakezu.
- Arretari eustea kostatzen bazaizu, arreta galarazten dizun horri aurre egiteko giro lasaiak bila ditzakezu, eta gainerakori esan diezaiekezu noiz eten zaitzaketen eta noiz ez.
- Hitzorduak oroitzea kostatzen bazaizu, paperezko egunerokoak eta agenda elektronikoak oso erabilgarriak eta sotilak dira. Beharbada lehen baino maizago eta zorrotzago erabili beharko dituzu, baina konponbide egokiak dira.
- EA duten gehienek ohar txiki edo aztarnaren bat nahikoa izaten dute informazioa gogoratzeko. Kotxearen haizetakoan “garbitokia” dion papertxo bat jarri besterik ez duzu arropa jasotzera joan behar duzula gogoratzeko, adibidez.
- Saiatu eztabaida garrantzitsuak nekatuta ez zauden uneetarako antolatzen, edo saiatu lehenago atseden hartzen.
- Elkarrizketetan ezin badiozu arretari ondo eutsi, solaskideak esan duena errepikatu dezakezu, esan beharrekoa esan baino lehen. Esan dezakezu, adibidez: “Beraz, Frantzian ederki pasa duzu eguraldi ona egin duelako. Euria egin al dizu inoiz Frantzian?”. Hasieran arraroa gertatuko zaizu, beharbada, baina laster itxura ona hartuko diozu. Ikusiko duzu lagunek atsegin hartuko dutela, esaten dutena interesatzen zaizula nabaritzen dutenean.
- Ibilbideren bat egin aurretik begiratu mapak eta, behar izanez gero, egin ibilbidearen fotokopia edo ohar labur batzuk. Era horretan, hau da, ibilbidea aurretik antolatuz eta oharrak prestatuz, bidea gogoan izango duzu; eta, gainera, oharrak ibilbidean orientatzeko balioko dizute.
Artikulu hau Multiple Sclerosis International Federation erakundearen MS in Focus aldizkarian argitaratu zen 2013ko uztailan. Maria Pia Amato eta Benedetta Goretti, NEUROFARBAko Saila, Neurozientzien atala, Florentziako Unibertsitatea (Italia)